Urteroko ohiturari jarraiki, Oiartzo Ikastolaren Eguberriko Topaketa egin da aurten ere

Iazko ikasturtean batxilergoa bukatu zuten 94 ikasleei ekitaldi xumea eskaini zaie

Oiartzo batxilergo-ikastolaren 2025eko Eguberriko Topaketa egin da abenduaren 23an, astearte arratsaldez, Orereta-Errenteriako Niessen Kulturgunean. Oiartzo Oiartzungo Haurtzaro eta Orereta-Errenteriako Orereta Ikastolen batxilergo-ikastola izanik, bi herrietan txandaka egiten da Eguberriko Topaketa; aurten, Orereta-Errenterian tokatu da. Ikasleak, haien familiak, irakasleak, Orereta eta Haurtzaro ikastoletako ordezkariak, eta udalekoak izan dira bertan.

Ikasleak beraiek aritu dira ekitaldiaren aurkezle eta gidari lanetan. Oiartzo Ikastolako zuzendariari eman diote hitza lehenik. Olatz Mitxelenak, bere ikasle-ibilbidea gogoratuz, iaz ikasketak bukatu zituzten ikasleei zorionak eta eskerrak eman dizkie, baita etorriko direnei ongietorria egin zein irakasle eta langile taldea eskertu ere.

Ohiturari jarraiki, ikasleen ekarpenak eta hitzartzeak ere izan dira ekitaldian. Ikasleek “beren” irakasleei egindako diploma-banaketa, kahoot jolasa eta Oiartzo Cup-en sortzaileei egindako aitortzatxoa izan dira aurtengo momentu politenetakoak. Diploma akademikoen banaketa, taldeko argazki, aurresku eta elkarrekin berriketan aritzeko osteko mokaduarekin amaitu da Oiartzo Ikastolaren 2025eko Eguberriko Topaketa.