,

“Euskaraz koloreztatu bizitza”

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, gaur eta egunero euskaraz bizi garela eta bizi nahi dugula aldarrikatzen dugu euskaldunok. Oiartzon ere, hizkuntza denez balore nagusia, berau balioan jartzeko eguntzat hartzen dugu gaurkoa: euskaraz bizi eta ikasten dugu.

Eguneko gertaera politenetakoa izaten da ikasleek hizkuntza ospatzeko baliatzen dituztela eguneko azken orduak. Horretarako, 2. mailako ikasle talde bat aritu da aurten ere saio horiek prestatzen eta dinamizatzen, hizkuntza eta kulturarekin zerikusia duten jolasak egiten.

Bide batez, gaurko eguna aprobetxatuta, 2. mailako Euskara ikasgaian antolatu duten kartel txapelketaren irabazleak jakinarazi dituzte. Txapelketa hori urtero antolatzen du euskara irakasleak. Hizkuntza eta publizitatea gaia lantzen dutenean, ikasleek euskara sustatzeko horma-irudiak diseinatzen dituzte gaia borobiltzeko. Irudia, hizkuntza, diseinua… guztia hartu behar dute kontuan horretarako.

Kartelak ikusgai egoten dira egun batzuez eta 1. mailako ikasleek bozkatzen dute irabazlea. Aurtengoan, June De Paz eta Enara San Josek irabazi dute kartel txapelketaren saria, “Euskaraz koloreztatu bizitza” mezuarekin. Zinez koloreztatu dituzte Oiartzoko hormak zuen guztien kartelek.

Zorionak, neskak!

(Behean, ikasleen eta irabazleen horma-irudien argazkiak).