BatxiLab I: Non gogoa, han zangoa
Badira hainbat urte Ikastolen Elkarteak konpetentzien lanketa batxilergoan txertatzea sustatzen duenetik eta, horien artean, BatxiLab deiturikoa dugu. BatxiLaben helburua proiektuetan edo erronketan oinarritutako ikaskuntza metodologia klaseratzea da, beste etapatan egin ohi den bezala. Ikasturte honetan hiru “erronka egun” edo hiru BatxiLab izango ditugu Oiartzon, eta gaurkoa izan da lehenengoa.
BatxiLaben helburua proiektuetan edo erronketan oinarritutako ikaskuntza metodologia klaseratzea da.
Ikasleak sei eguneko bidaia bat antolatzen aritu dira goiz-goizetik talde lanean, eta bidaia hori antolatzeak dakartzan zereginak egin dituzte: plangintza eta aurrekontua, promozio bideo eta triptiko bana, eta diru-laguntza bat eskatzeko gutuna.
Gaurko erronka eta zereginak irakasleek antolatu dituzte aurrez, ikasgaietako konpetentziak elkargurutzatuz eta lan-talde bakoitzean modalitate guztietako ikasleak egon daitezen bermatuz. Zeregin horiek guztiek zuzeneko eta zeharkako konpetentzia ugari lantzea bideratzen dute. Eskoletan ikusitako edukiez gain, elkarlana, arduren banaketa, adierazpen grafikoa, idatzizko eta ahozko hizkuntza, originaltasuna… behar baitituzte erronkak aurrera eramateko eta ondoren talde handian aurkezteko.
Egun arruntetako antolaketa irauli dugu: ordutegi formalik ez, ikasgelak eta ikaskideak aldatuta, lan egiteko modu desberdinak… Talde bakoitzak erregulatu du bere lana eta lanerako giroa ere nabarmen aldatu da.
Talde bakoitzak erregulatu du bere lana eta lanerako giroa ere nabarmen aldatu da
Hasiera batean lan banaketa eta informazio bilketa gehiago kosta bazaie ere, lan politak aurkeztu dituzte orohar azken orduan eta, orokorrean, egun osoan egindako lanarekin gustura agertu dira ikasleak. Baita irakasleak ere. Gela bakoitzeko bidaia interesgarriena edo egokiena bozkatu dute amaieran, eta aurrerago maila osoko bidaia bat aukeratuko dute. Datozen asteetan emango dugu horren berri.