,

Batzen gaituen hori

Baionako irteeraren kronika

Aste honetan frantsesa ikasten duten 1. mailako ikasleak Baionara joan ziren eguna pasatzera. Hizkuntza aitzakia hartuta, hiria bisitatu eta bertakoak ezagutzeko parada izan genuen, baina modu berezi batean. Izan ere, irteera honen helburuak anitzak ziren: hiriaren egoera soziolinguistikoa bizitzea, frantsesa praktikatzea, baina baita euskararekin eta euskararen bitartez loturak egitea ere. 

Hiria Ibanen eskutik

Goizean goiz autobusa hartuta iritsi ginen Baionara eta bueltatxo goiztiarraren ondoren, Iban Regnier gida turistikoa geneukan gure zain Reduit Plazan. Ibanekin Baiona ezagutu genuen kalez kale, modu dibertigarri eta dinamikoan. Hiriaren banaketa, etxeen arkitektura, Erromatarren arrastoak, hizkuntzen aztarnak… Baiona Handi eta Ttipiko txoko berezietara eraman gintuen, hartara, hiria beste ikuspuntu batetik ezagutzeko. Dibertigarria bezain interesgarria.

Etxeparera bisita

Bisita gidatuaren ondoren, autobusa hartu eta Etxepare Lizeora joan ginen, hain zuzen ere, institutuan dauden adin bertsuko ikasleekin lehen topaketa egitera. Aurrez esan bezala, irteera honen helburuetako bat euskararen bitartez Euskal Herriko Iparralde eta Hegoaldearen arteko loturak egitea zen. Horregatik, batxilergo 1. mailan dauden ikasle talde bat ezagutzera joan ginen lizeora, elkarren berri izan eta, desberdintasunak desberdintasun, partekatzen dugun horretaz hausnartzeko.

Elkar ezagutzeko lehen dinamiken ondoren, Oiartzo eta Etxepareko ikasleak taldetxotan jarri eta euren identitatea osatzen duten hainbat faktorez eztabaidatzen jardun zuten: hizkuntza, adina, ikasketak eta zaletasunak, hain zuzen ere. Partaide bakoitzak bere esperientzia partekatu eta, ondoren, orri batean jaso zituzten gazteek desberdintasunen gainetik komunean zuten hori, batzen gaituen hori

Hausnarketen ondoren, Etxeparetarrek lizeoa erakutsi ziguten. Ikasgelak, kiroldegia, kantina, irakasle gela, egoitza… ezagutu genituen. Gu han jasotzea eskertzeko, Oiartzoko ikasleek eskulan bat eraman zuten, bide batez, bueltan Oarsoaldera etortzeko gonbita luzatuz: 

“Mugak ezarriak dira eta bideak ireki ere egin ditzakegu.

Aiako Harriaren beste aldean egongo gara zuen zain”.

Zubiak eraikiz

Gehien baloratu dutena Etxepare Lizeoan emandako tartea izan da. Adin bereko ikasleen egoera akademikoa ezagutu, eta euskaraz bizi eta ikastearen alde egiten duten eguneroko borroka asko baloratu dute, lehen eskutik ezagutu dutelako. 

Iparralde eta Hegoalde banatuta bagaude ere, finean gure ikasleek gauza ugari partekatzen dituzte eta horiei aitortza egin eta balioan jartzea zen elkartrukearen helburu nagusia. Hori guztia, euskaratik eta euskaraz. Adinak, ikasketek eta hizkuntzek zubiak eraikitzeko aitzakia eman digute, eta hemendik aurrera, hasi berri dugun bideari jarraipena eman nahi diogu. 

Mila esker, Baiona eta Etxepare, eta laster arte!