Artearen Historiako ikasle taldea Tabakaleran

tabakalera

Urriaren 1ean Tabakalerako Arte-hezkuntza ekimen taldeak proposatutako tailerra lantzen aritu ziren bigarren mailako zenbait ikasle

Oiartzoko Artearen Historiako ikasleak Arte Garaikidean oinarritutako abentura batean parte hartzeko aukera izan zuten atzo Donostian. Horretarako, goizean Tabakaleran izan ziren. Hango Belar onak eta txarrak tailerrean parte hartzeaz gain, Uriel Orlow artistari eskainitako erakusketa ikusi ahal izan zuten.

Artista suitzarraren artelanek duten kutsu naturala oinarri, Hegoafrikako haziak eta sendabelarrak izan ziren obra gehienen protagonista.

Jarraian, jolas dinamiko baten bitartez jakintza ahaztuen inguruan gogoeta egiteko eskatu zitzaien. Erakusketaren edukietan sakondu ostean, Gladys Enea parkean eta bere inguruetan aritu ziren gogotsu grabatu artistiko eta landaren artean esperimentatzen.

Irteera honen helburua da gazteek Tabakalera bezalako museo eta kultura zentroen berri izatea. Baita testu liburuetan agertzen den egungo arteari buruzko informazioa modu dinamiko batean barneratzea ere.