Deusto unibertsitatera bisita

Oiartzoko 2. mailako ikasle batzuek unibertsitatera salto egingo dute datorren ikasturtean eta orain ari dira ikasketak non jarraitu nahiko lituzketen erabakitzen. Horretan laguntzeko, ikastolako Orientazio sailak Euskal Herriko hainbat unibertsitatetara bisitak antolatzen ditu, eurekin elkarlanean. Azken finean, unibertsitatea bera ezagutzeak lagundu baitezake hurrengo etapa nolakoa izango den irudikatzen eta gure burua bertan kokatzen.

Pasa den asteartean, Deusto Unibertsitateko Donostiako kanpusa bisitatu zuten gure ikasleek, haiek azaroaren 29an ikastolara egin ziguten bisita itzuliaz. Izan ere, Deusto Unibertsitateko Donostiako kanpusak ikasketa eskaintza zabala du gradu eta graduondokoetan, gure ikasle askoren interesa pizten dutenak. Hala nola, ingeniaritza, komunikazioa, hizkuntzak, giza zientziak, enpresagintza…

Egunean bertan, kanpuseko instalazioak ezagutu, eta ireki berri dituzten fisioterapia instalazioak eta liburutegi berriaz gozatzeko aukera izan zuten ikasle bisitariek.